XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IGNACIO UGARTE (1862-1914)

MARIA CRISTINA AMA ERREGINAREN ERRETRATOA 1986

1896. urterako Ignacio Ugartek jasoa zuen nolabaiteko prestigioa inguru artistiko ofizialetan, jarraian irabazitako Madrileko 1892.eko Arte Ederren Nazionaleko Bigarren Mailako domina eta Bartzelonako Nazioartekoa lagungarri izan zituelarik ospe hori izateko.

Jendaurreko lehen arrakasta honi esker egin ahal izango zuen orduko hartan oraindik Espainiako Erregina eta Errejenta zen María Cristina de Habsburgo-Lorenaren erretrato hau, errege-erreginak Donostian noizean behin udaldietan egiten zituzten egotaldietako bat aprobetxatuz, ziurrenik hiriko Udalak eskatuta egingo zuelarik koadroa, hainbat urtetan margoihal hau San Telmoko Udal Museoan gordeta egon baitzen.

Ugarte eta Juan de Barroeta erretratolari bilbotarra, geroxeago Alfonso XIII.aren ama goragarriaren erretratoa egin zuena, izan ziren euskal margolanen artean Espainiako Familia Errealarekin zerikusia zuten enkarguak jaso zituzten lehenengoak.

Ugartek egindako erretrato honi dagokionez, sakonago aztertu aurretik, margolariak genero hau bere lan emankorraren artean gutxien landu zuenetako bat izan zela esatea komeni da.

Diru kontuan arazorik ez zuenez ez zuen izan honelako lanak egitearen beharrizanik, nahiz eta garaikide zituen beste margolari askok berauetatik ateratzen zuten bizimodua.

Gorputz osoko erretrato honetan Erregina albo batera okertuta agertzen da, zuriz jantzita eta eskuetan eusten duen larruzko erribetedun tertziopelo granatezko kapa batez estalita.

Hemezortzigarren mendeko gustuen barruan, Madrazotarrek zehaztutakoan, obra honek gustu horri erantzuten diolarik, Ugartek ardura berezia erakusten du Erreginaren jantzi aberatsa ondo zehazteko, soinekoaren bolumen zabal eta argiak orduan eta garrantzia handiagoa hartzen duelarik gelako atzeko aldea iluna den aldetik.

Ardura hau argi eta garbi ikusten da bordatuen, enkajeen eta harribitxien detailean, eta oihalen kalitatean.

Soinekoaren deskripzio zehatz hau Erreginaren fisionomia latzarekin kontrastean agertzen da, beronen begirada koadroaren ezkerreko aldean zehar galtzen dela.

Erreginaren buru txikia, koroa gainean duela, kapako larrua eta kokotean duen iduneko dirdaigarria, ahulduta geratzen dira jantziaren argitasun disdiragarriaren aldean.

Figuren larruazala adierazteko margolari honek erabili ohi duen trataera abetunatuak ere efektu hori handitu egiten du.